Gasteizko Ekialdea, Mendebaldea eta Los Herrán ikastetxeetako latin eta grekera irakasleek errezitaldi greko-latindarra antolatu dute aurten, Poetak Maiatzean ekitaldiaren barruan. DBHko eta Batxilergoko ikasleek parte hartuko dute jardueran, eta Antzinaroko poeta handien ahotsak ekarriko dituzte gaur egungo entzuleengana, gerra eta bakea ardatz hartuta.
Ekitaldia maiatzaren 11n izango da, 12:00etan, Arkabian. Saioari hasiera emango dio Maria Mandalou poetak, bere ekarpen poetikoekin. Ondoren, ikasleek greziar eta erromatar literaturako hainbat egileren poemak irakurriko dituzte; besteak beste, Safo, Tirteo, Kalino, Euripides, Horazio, Virgilio, Sulpizia eta Ovidioren testuak entzungo dira.
Irakasleen helburua da literatura klasikoa gazteei hurbiltzea eta, aldi berean, poesia unibertsalaren bidez gerra, bakea eta giza esperientziaren inguruko hausnarketa sustatzea. Antzinako ahots horiek gaurkotasun osoz entzunaraziko dira Gasteizko kultur programazioaren baitan.

No hay comentarios:
Publicar un comentario